
MILA ESKER BIHOTZ BIHOTZEZ
Beste urte batez, dantzan ditugu barruak, azken egunetan gertatu dena asimilatzeko bidean. XVII. Feministaldia amaitu zenetik 3 egun eskas pasa diren arren, azalberritzen den narrasti baten moduan, hasi gara orain arteko azala askatzen, mugimenduan besterik ez garelako, begirada hurrengo urteko jaialdian jarrita dagoeneko. Herrestan pentsatu genuen aurtengoa, bertikalitatetik horizontalerako dantza horretan aritu gara, eta herrestan ibili gara egun hauetan ere, lurretik, gorputzen arteko marruskaduren bila, narrasean... Eta horrela, igurtzi, herresta eta azalberritzeen bitartez, guk ere gure arrastoa utzi dugu, bidea egiten jarraitzeko.
Eskerrik bero, likatsu eta bihotzonekoenak eman nahi dizkizuegu honen parte izan zareten guztiei: gonbidatu, lagun, kolaboratzaile, maitale, langile, ikusle, entzule... denei. Omenaldi moduan, Laida Zapre zoragarriak egindako erretratuak uzten ditugu hemen. Falta direnei, mila barkamen, arazo teknikorik gabeko jaialdi bat egitea ezinezkoa da...
Hurrengo urtera arte, osasuna, gozamena eta transfeminismoa opa dizuegu!
Feministaldiko lan-taldea.


STREAMING: Feministaldia bideoan
Programazioa bertatik bertara jarraitu ezin izan baduzue, edo Feministaldiko jardueretako batzuk berriro ikusi/entzun nahi badituzue...
AZAROAK 30, asteazkena: 'Lurraren mezua', Eulalia Valldosera
ABENDUAK 2, ostirala: 'Arauetan ezin kabitu! Identitatearen inguruko hausnarketak militantzia loditik'
ABENDUAK 3, larunbata (goizean): 'Gran Sol-etik Petare-ra. Gure arrastoak'
ABENDUAK 3, larunbata (arratsaldean): 'Bidearen alabak'

Tatuatzaileak izango ditugu larunbatean eta Feministaldiko festan
Tatuatzeko aukera izango dugu Feministaldian!
Aurten, berritasun moduan, Alazne Zubizarreta, Fabiola Espiga eta Ahuntzaren Eztula tatuatzaileak izango ditugu larunbata arratsaldean eta Feministaldiko amaierako festan.
Tatuajeren bat egin nahi duenak, tatuatzaile bakoitzarekin aurrez adostu beharko ditu tatuajea eta baldintzak, bakoitzaren Instagrameko profilera mezu pribatu bat idatziz. Sare sozialean aurkituko dituzue tatuatzaile bakoitzaren informazioa eta diseinuak.
Profilak:
- Fabiola Espiga: @es_raw_
- Alazne Zubizarreta: @ala.z.ne
- Ahuntzaren Eztula: @ahuntzaren_eztula

Arrastoa uztera dator XVII. Feministaldia
Azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitartean egingo da kultura feminista jaialdia, Ahoa narras lelopean.
Hamazazpigarren aldiz, kultura feministari lotutako ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izango da Feministaldia. Azken urteetako bideari jarraituz, Tabakalera izango du etxe kultura feminista jaialdiak, azaroaren 30etik abenduaren 3ra. XVII. aldi honetan Ahoa narras leloak harilkatuko ditu antolatutako askotariko jarduerak.
Gaur aurkeztu dituzte aurtengo jaialdiaren nondik norakoak, eta aurkezpenean izan dira: Leire San Martin eta Laura Muelas, Feministaldiako koordinatzaileak; Clara Montero, Tabakalerako Kultura zuzendaria; Nerea Isasi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Zuzendaria eta Juana Aranguren, Plazandreok plataformako kidea.
Aldaketa urtea da Feministaldiarentzat, izan ere, jaialdiaren hazia ezarri zuen kolektiboa, Plazandreok plataforma politikoak, antolakuntzaren ardura utziko du. Leire San Martinek eta Laura Muelasek adierazitakoaren arabera, eskertzekoa da Plazandreok-ek utzitako arrastoa; halaber, gogotsu agertu dira bidea egiten jarraitzeko, eta jaialdiaren ibilbidea egiteko modu eta esparru berrietara norabidetzeko. Hain zuzen, jaialdia pentsatu eta programatzeko prozesua, oso bestelakoa izan da aurten: “ariketa kolektibo bat”. Lehenbiziko aldiz, Azala espazioaren Mikorrizak programaren barruan, lagun eta pentsalari feministekin jaialdiari elkarrekin forma ematen hasteko topaketak egin zituzten Arabako espazioan. Feministaldiaren lan taldeaz gainera, Mijo Lizarzaburu, Paloma Chen, Mirari Echavarri eta Idoia Zabaleta izan ziren topaketan.
Hortaz, aldaketak aldaketa, Feministaldiak kultura feministaren erreferente izaten jarraitu nahi du.
“Feministaldia, Plazandreok-ek antolatutako Kultura Feministaren Jaialdia, duela 16 urtetik hona, funtsezko erreferentzia bihurtu da feminismoaren barruan, eta halako entitatea lortu du, non esklusiboki horretan arituko den elkarte bat behar duela”, adierazi du Juana Arangurenek.
Nerea Isasi ere izan da agerraldian, Feministaldiari bere babesa adierazteko. Horrela, kultura feminista sustatzen duten egitasmoen garrantzia aipatu du.
Ahoa narras
Ahoa narras leloa oinarri hartuta, feminismoetan pil-pilean dauden gaietan erreparatuko du jaialdiak, baina baita orain egindako bideetan ere, bertikaltasuna alde batera utziz, eta gorputza lurrerantz eramanez. Horrela, “norabide berri horretan ahoa -normalean gorputzaren goialdean edukitzen duguna- lurrera eramango dugu; herrestan dabiltzanen eta ibili direnei tartea egin nahi diegu, azala bidean eraldatzen dutenei”. Aurtengo jaialdirako sortutako testuan jaso bezala, “arrastaka doazenek, kanporatuek, zikinek, urdangek uzten duten arrastoa” ikusarazi nahi dute. Era berean, narrasean dabiltzan horien “potentzia eraldatzailea” ere goraipatuko dute: “Erori eta arrastatu egiten gara, zikindu, detrituekin nahastu eta jolasten gara, materiekin esperimentatu egiten dugu horiek sakonera eramateko, misteriotsua denera, desiragarria denera, irudimenez lepo dagoenera, potentzia eraldatzailez gainezka dagoen horretara eramateko”. Halaber, Ahuntzaren Eztula diseinatzaile eta tatuatzailea izan da irudi grafikoaren egilea, eta aurtengo ideiaren esentzia ezin hobeto jaso du.
Aurten ere, askotariko jarduerak biltzen dituen egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta arteko diziplinek leku garrantzitsua izango dute: hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak, sung poetry emanaldiak, eta abar. Orotara, 25 artista, aktibista eta pentsalaritik gora izango dira Feministaldian, eta bakoitzak bere diziplinan mugitzen ari den horretan jarriko du fokua: Eulalia Valldosera, artista eta aktibista mistikoa; Isabel de Naverán, dantza eta performance-an ikerlaria; Paloma Chen kazetaria, poeta eta idazlea, eta Yan Juang aktorea, sortzailea eta poeta; Itziar Reguero eta Mijo Lizarzaburu militante transfeministak; Namorada kolektiboa; Eneka Fernandez liburu-egilea eta editorea, eta Leire Ibarguren, Emagin elkarteko kidea; Personaje, personaje eta Somadamantina, Elena Aitzkoa eta Eddi Circa artistak, besteak beste.
Sarrera librea izango da jarduera guztietarako, edukiera bete arte. Era berean, jarduera gehienak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute hara joan ezin dutenek, eta informazio guztia tabakalera.eus eta feministaldia.eus webguneetan egongo da kontsultagarri.
Tabakalerarekin elkarlana
Zortzigarren urtez hartuko du Tabakalerak Feministaldia. Clara Montero, Tabakalerako kultur zuzendariak azpimarratu duenez, Tabakalerarentzat poz handia da artea eta politika garaikidea ikuspegi feministatik lantzen dituen jaialdia hartzea, beste behin. “Arauak zalantzan jarri eta istorio berriak kontatzen dituzten sortzaile eta ekintzaileen topaleku bilakatu da Feministaldia, eta bertan lantzen diren zenbait ildo kultura garaikidearen nazioarteko zentro honen ardatz eta kezka ere badira”, azaldu du.
Horren adibide argiak dira, esaterako, Tabakalerako Hezkuntza arlotik pedagogia feministen inguruan 2017 urtean abiatutako programa, hezitzaileei zuzendutako prestakuntza-tresna transferigarriak sortzea eta eztabaida kolektiboa egiteko esparru komuna eratzea helburu dituen lan-ildoa; edo eta ikus-entzunezko programazioaren barruan ezinbestekoa bihurtu den Hasieratik. Zinema feministaren historiak, emakume zinemagileen obrari errepasoa egiten dion zine-zikloa. Horren erakusle da, esaterako, Feministaldiaren eta Tabakaleran arteko elkarlanean antolatu duten zine emanaldia; abenduaren 1ean izango da, Zineko 1 aretoan.

"Esperimentazio gune bihurtu dugu jaialdia"
Irutxuloko Hitzako Sara Ibarguren kazetariak elkarrizketa egin die Leire San Martin eta Laura Muelas Feministaldiko koordinatzaileei.
Azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo da hamazazpigarren Feministaldia, Tabakaleran. Plazandreok plataforma politikoak abiatu zuen jaialdi kultural feminista hau, baina, aurten, koordinazioan aldaketa bat izan denez, programa zabaldu eta jende gehiagorekin batera antolatzea erabaki dute Leire San Martin eta Laura Muelas koordinatzaileek.
Zein asmorekin sortu zen Feministaldia?
Leire San Martin (L.S.M.): Berez, Laura eta biok ez ginen Feministaldiaren sorreran egon. Jaialdiaren hamazazpigarren urtea da hau: nire bederatzigarren urtea koordinazioan, eta Lauraren hirugarrena. Jende asko pasa da koordinaziotik. Berez, jatorrian, Plazandreok plataforma politikotik abiatu zen, eta hiru pertsonak zuzendu zuten bere garaian: Ainhoa Guemesek, Maider Zilbetik eta Irene Ormazabalek. Duela hamazazpi urte, egoera ez zen gaur egungo bera, eta emakume artisten eta kulturgileen lanari ikusgarritasuna eman nahi zioten. Horrez gain, Donostian espazio feminista bat eraikitzea ere bazen helburua. Horrela sortu zuten Feministaldia Artelekun, gaur egungoa baino formatu txikiago batean.
ELKARRIZKETA OSOA

XVII. Feministaldia
Ahoa narras
Arrastoak lehen izan zena identifikatzen uzten digu batzuetan. Hor zegoena jada ez da agertzen, ez dago irakurgarritasunik ikusten ez den hori gabe, gauza bera gabe. Baina hor egon zen. Gure amonak, gure xamanak, gure auzokoak, feminismoaren behi sakratu eta profanoak, gure lagunak, gure marika ospetsuak, bollerak, gerrillari trabestiak, puta iraultzaileak, gure ahizpak. Gaur egun arakatzen, eta orainera, egitera, ekartzen dugunaren genealogia eta artxibo dira.
Hondar identifikagarriak dira: azala, izerdia, odola, jarioa, gauza zehatzak, ukitzen direnak. Eta ukitzen ez diren gauzak ere bai, hala nola desira, nekea, estasia, maitasuna. Subjektu tentea erori egiten da desiratzeko, zaintzeko, begiratzeko. Beste gorputz batera hurbiltzeak makurtzea eta bertikala den hori abandonatzea dakarrelako. Beherantz joaten uzten diogu geure buruari, gorputz propioa ahuspeztuz, beste posizio batetik begiratu eta izateko: lurraren arrasean dagoen posizio bat. Heriotza ezagutzeko ahultasunean, inauterian, porrotean eta dagoeneko zuzena ez den zerbait izatearen plazerean topo egiten dugu.
Elkartu, ohaidetu eta elkarri itsasten gatzaizkio birrindutako lurrean dolua partekatzeko. Gorputz zarratatuak, bere amaieratik gero eta hurbilago dagoen mundu batean existitzen uzten ez zaienak; ordea, imajinatzen dute izan daitekeen bat. Prekarioki herrestatzen gara, larruazalak azalberritzeko: larru horiek indartsuagoak, plastikoagoak, sutsuagoak diren purpurinaz betetako larruek ordezkatzen dituzte.
Gure arrastoak lerde itsaskor bat uzten duelako zoruan, lurrean, kuleroetan. Akidurak, kolpeek, minak egindako markak dira, baina baita erresistentziak, borrokak, pozak eta dantzak egindakoak ere. Arrastaka doazenek, kanporatuek, zikinek, urdangek uzten duten arrastoa. Erori eta arrastatu egiten gara, zikindu, detrituekin nahastu eta jolasten gara, materiekin esperimentatu egiten dugu horiek sakonera eramateko, misteriotsua denera, desiragarria denera, irudimenez lepo dagoenera, potentzia eraldatzailez gainezka dagoen horretara eramateko.