Feministaldia | Kultura Feminista Jaialdia
Feministaldia, Donostian 2005ean sortu zen Kultura Feminista Jaialdia da. Arte garaikidean eta kulturan begirada transfeminista batek kultur politikak eta zapalkuntza eta desoreka sistema zulatu ditzakeela serioki pentsatzen dugulako egiten da. Urtean behin ospatzen dugu hiriko hainbat kultur espaziotan, eta bertara leku ezberdinetako pentsalari, artista, performer, idazle, zinemagile, poeta, maga, txamana, zoro, puta, suge, DJ eta trabestiak gonbidatzen ditugu. Edizio bakoitzerako programazio-esparru gisa funtzionatzen duen izenburu edo ideia bat proposatzen dugu, mota guztietako hitzaldi, proiekzio, tarot-saio, dantza, mahai-inguru, performance eta showak antolatzeko balio diguna. Gonbidatuek Feministaldia esperimentaziorako gune gisa erabiltzea gustatzen zaigu, programatzerakoan arriskuak hartzea hot jartzen gaitu eta urtero moztu, pegatu eta birnahastearen alde gaude. Hango eta hemengo feministak, benetan zoragaria da zuekin topo egitea, astebetez burua eta gorputza elkarrekin mugitzea eta erresaka kimiko eta intelektual eder batekin esnatzea jaialdiaren ondoren. Horrek beste urte batez Feministaldia antolatzeko behar dugun indarra ematen digu.
Antolatzaileak
Jaialdia Plazandreok emakumeen plataforma politikoaren iniziatibaz sortu zen eta azken urteetan zehar kide ezberdinak egon dira bere antolakuntzan: Irene Ormazabal, Maider Zilbeti, Ainhoa Güemes, Aintzane Lasarte, Kattalin Miner, Josebe Iturrioz eta Irati Salsamendi besteak beste. Gaur egun Leire San Martin eta Laura Muelas-ek koordinatu eta programatzen dute, eta Xerra estudioak darama komunikazioaren ardura. Horretaz gain, 2022ko edizioan programazio gune bat ireki zen Azala espazioarekin kolaborazioan, eta beste lau pertsona batu zitzaizkigun taldera: Idoia Zabaleta, Mirari Echávarri, Miren Jone Lizarzaburu eta Paloma Chen, azken honen lekua 2023an Xirou Xiao-k hartu zuen eta 2024an Yuan Yuan Zhouk.
Laura Muelas de Ayala
Laura Muelas de Ayala (Murtzia, 1984)
Ikus-entzunezkoen Errealizazioko Goi-mailako Teknikaria eta Gizarte eta Kultura Antropologiako graduatua. 2015. urtean Ikasketa Feminista eta Generoko Masterra amaitu zuen EHUn, eta plazeraren inguruko praktika feministei buruzko doktorego-tesia egiten jarraitu du ordutik. Horretan, aktibismo feministaren eta plazer-prozesuen arteko loturak nabarmentzen dira, gorputz-praktika eta praktika politiko gisa. Hainbat urtez, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zinema eta Sexualitateari buruzko Jardunaldiak antolatu ditu, eta sexu-aniztasunari eta hezkuntza-jardunbideei buruzko dokumental etnografikoak egiten parte hartu du.
Gaur egun, Eihera Kooperatibako kidea da. Bertan, eraldaketa feministako eta LGTBI+ prozesuak eta proiektuak diseinatzen eta abian jartzen lan egiten du. EHUko Antropologia Feministaren Ikerketa Taldean (AFIT) kolaboratzailea da. Kultura Ikasketak eta Ikusizko Arteak (ikuspegi feministak eta cuir/queer) - MUECA Masterrean (Miguel Hernández Unibertsitatea) eta Arte Praktika eta Ikasketa Kulturalen: gorputza, afektuak, lurraldea Masterrean (UPNA eta Huarte Zentroa) irakasten du. Feministaldiaren koordinazio taldearen parte da 2020tik.
Leire San Martin Goikoetxea
Arte garaikidearen eta hezkuntzaren arteko gurutzaketan lan egiten dut testuinguru ezberdinetan. 2014 urtean Tabakalera, Kultura garaikidearen Nazioarteko Zentroan hezkuntza-arduradun izaten hasi nintzen eta urte berean Feministaldia programatu eta koordinatzera sartu nintzen. Hainbat proiektutan parte hartu dut, besteak beste, Harriak (eremuak) programaren barruan antolatu nuen "Itzuli Barik" erakusketaren komisariotza eta mediazioa; "Zinema_ilegala"-ren koordinazioa Bulegoa z/b espazioan; edo "Superbia: Ulrike Ottingerren 8 film" ziklo ibiltariaren antolaketa, Sahatsa Jauregirekin batera. 2013 eta 2016an, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu programaren barruan egin zen "Bake ituna" lantaldeko kide izan nintzen "Bitartekaritzaren arkeologia bat" ikerketa martxan jarriz Sara Martinekin batera. 2022an Erromako Akademia Espainolean egoitza burutu dut, "Agujero se dice buco se parece a boca" proiektuarekin.
Mijo Lizarburu
Donostian ibiltzen den Ondarrutarra, militante transfeminista eta Ezin kabitu! Euskal Herriko I. Jatunaldi lodien antolatzailea. Feminismoa eta biologiaren filosofia uztartzen dituzten gaiak ikertzen ditut EHUn.
Yuan Yuan Zhou
Yuan Yuan Zhou (1995), arrazakeriariaren aurkako militante transfeminista, espazioen diseinatzailea eta diziplina anitzeko artista da, Extremadurakoa. Extremadurako Diseinatzaileen Elkarteko kidea eta 8Mko Arrazakeriaren Aurkako eta Migrazio batzordeko kidea, Queering All kolektiboko kide ere izan da. ANUARIA España 2023 sariketarko epaimahaikide izan zen. Diasporak Espainian dituen sortzaileen topaketen zikloan parte hartu zuen Madrilgo Mataderoan, Mapeográfica: Bitácora de ciudad en Madrid, Encendidos, encuentros casuales sobre diseño extremeño talde-erakusketan. Yan Huangen Crecer como hierbas salvajes liburua ilustratu zuen. Te prensé entre las hojas erakusketaren diseinatzaile grafikoa Madrilgo Arte Gaztearen Aretoan.
Anaís Córdova-Páez
Interneten garaian politika, ekologia, generoa eta mugimenduan dauden irudiek nola hitz egiten duten hausnartzen du. Ikuspegi transhackfeminista batetik egiten du ikerketa. Bere lanak zaintza zentroan jartzen du, artea ekoizteko eta erakusteko prozesuei desafio eginez. Zinearekin esperimentatzen du, EQUIS Festival de Cine Feminista (Ekuador) eta Zinegoaken (Bilbo) jaialdian programatzen du eta UNSEENeko (Kroazia) kuradorea da. Flaherty Seminar Fellow 2022 izan zen eta Atmospheres of Violence nazioarteko gonbidatua Harvard University 2023an. DJ/VJ LaNïn da https://feministprojection.party.
Idoia Zabaleta
Idoia Zabaleta koreografoa da. Biologiako Fakultatean ekosistemetan eta populazioen dinamikan espezializatu zen. Dantza eta inprobisazio berriak ikasi zituen laurogeita hamarreko hamarkadan. 2000. urteaz geroztik, bere lana sortu, eta 2008an Azala erresidentzia artistikorako eta sorkuntzarako gunea eta eraiki zuen, bizi den herrian bertan. 2023tik aurrera, Tractora artista-kooperatibari esker, bere lana eskuragarri dago Fokun.
Gerezi Jauregi Cajaraville
Gerezi Jauregi Cajaraville (Alkiza, Guipuzkoa) artista plastikoa da. EHUko Arte Ederretan lizentziatua. EGILE saria irabazi du (2025). Ur mara Museoan kudeaketa kulturala eta komiosariotza lanak egiten ditu. Beste proiektu batzuen artean, 'Sorkuntza disidenteak landa-eremuan' (2025) topaketen antolatzaileetako bat da.
Xerra Estudioa
Ane Lusarreta Ezkurdia eta Laida Zapre (Donostia, 1991)
Ikus-entzunezko komunikazioa, kazetaritza, argazkilaritza eta diseinu grafikoko ikasketak dituzte. 404 lauzerolau proiektua eta EiTB Kultura saioko erredakzioa partekatu zituzten garai batez eta orain Zaldibarren Xerra estudioa eta Xerra espazioa sortu dituzte, bestelako proiektuetan murgiltzeko: estudioan biniloen portadak, kartelak, bideoak, film-laburrak eta komunikazio estrategiak diseinatzen dituzte. Espazioan, berriz, ikastaroak, erakusketak eta emanaldiak antolatzen dituzte. Instagramen aurkitu ditzakezue: @Xerra_estudioa
Mila esker
Feministaldian parte hartzen duten pertsona guztiek elikatzen dute jaialdia eta haiek gabe ezingo genuke urteroko egitaraua antolatu: gonbidatu guztiek, babesle eta kolaboratzaileek, eta bereziki, egitarauan parte hartzera (entzutera, iritzia ematera, dantzatzera, parre egitera) datozen pertsonek egiten dute posible espazio transfeminista honen existentzia. Horrez gain, inguruan ditugun familia, lagun eta "programatzaile-ezkutuei" esker mantentzen gara zutik eta alai Feministaldia antolatzen.
XX edizioan Feministaldia babestu dute: Gipuzkoako Foru Aldundia (Berdintasun eta Kultura sailak) / Emakunde / Donostiako Udala / Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa / Kontadores / Azala Kreazio Espazioa / Dabadaba