2025
Databasa
Badator Feministaldia Kultura Feminista Jaialdiaren XX edizioa: Databasa
Urriaren 14, 26, 27, 28 eta 29an Kontadores, Tabakalera eta Daba Daban (Donostia).
2024
agur eta ciao
agur, ciao: euskaraz eta italieraz "kaixo" esateko, "adio" esateko balio dute. agur eta ciao izan daiteke bertsolariak dionean agur, doluak dakarrenean agur, kalean gurutzatzen direnen ciao axolagabea, desertzioaren agur, inoiz gehiago ikusi nahi ez duzun horri esaten diozun ciao pescao, agur familiari, ciao maitasunari. agur eta ciao iritsi eta denbora batez geratzea da, betirako geratzea da. Baina alde egitea ere bada, berriz ez itzultzeko, edo ezberdin itzultzeko. Elkar topatzen duzunean besteari ematen diozun besarkada da, eta joaten zarenean ematen diozuna ere bai.
Feministaldia XIX eta Inmersiones XVII jaialdiak ahizpatu egin dira elkarri agur eta ciao esateko eta hori bera ospatzeko: topaketa, eta topaketaren inguruan mugitzen den guztia.
2023
GERRIYA
2022
Ahoa Narras
Arrastoak lehen izan zena identifikatzen uzten digu batzuetan. Hor zegoena jada ez da agertzen, ez dago irakurgarritasunik ikusten ez den hori gabe, gauza bera gabe. Baina hor egon zen. Gure amonak, gure xamanak, gure auzokoak, feminismoaren behi sakratu eta profanoak, gure lagunak, gure marika ospetsuak, bollerak, gerrillari trabestiak, puta iraultzaileak, gure ahizpak. Gaur egun arakatzen, eta orainera, egitera, ekartzen dugunaren genealogia eta artxibo dira.
(...)
Gure arrastoak lerde itsaskor bat uzten duelako zoruan, lurrean, kuleroetan. Akidurak, kolpeek, minak egindako markak dira, baina baita erresistentziak, borrokak, pozak eta dantzak egindakoak ere. Arrastaka doazenek, kanporatuek, zikinek, urdangek uzten duten arrastoa. Erori eta arrastatu egiten gara, zikindu, detrituekin nahastu eta jolasten gara, materiekin esperimentatu egiten dugu horiek sakonera eramateko, misteriotsua denera, desiragarria denera, irudimenez lepo dagoenera, potentzia eraldatzailez gainezka dagoen horretara eramateko.
2021
Sismika
Sismika dira gorputzek lurraldeetan egiten dituzten desplazamenduak: eta zerikusirik ez dute bidaia derrigortuek edo soilik batzuen beharrei erantzuten dieten prozesu turistifikatzaile eta gentrifikatzaileek eragindako mugimenduek. Era berean, Sismika dira emakumeok* elkarrekin garatzen ditugun estrategiak, gerrak, disidentziak eta erresistentziak. Espero ez dugun lurrikara da Sismika, kultura feministak dakarren luizia, ordena astintzeko behar bizia, eta horri eutsi nahi diogu ere bizi dugun garai sismiko honetan